Alarde de Hondarribia

Festak eta tradizioak

Legatu hilezkor baten harrotasuna

Mende luzeko historiak data garrantzitsuak utzi dizkigu, herri osoan barrena gogo biziz ospatzen ditugunak. Irailaren 8an, urtero-urtero, handitasunez ospatzen dugu Alardea Hondarribian: gure jai nagusi eta maiteena. Kolorez betetako desfile ikusgarria da Alardea, eta bertan ospatzen dugu, 1638an armada frantsesa garaitu ondoren, Guadalupeko Ama Birjinari ‒herriaren zaindariari‒ egindako botoa. Uztailaren 25a ere agendan idatzi beharreko eguna da: Kutxaren eguna. 1631ko Santiago egunean fundatu zen herrian munduko erakunde zaharrenetako bat: Hondarribiko San Pedro Marinelen Kofradia. Egun seinalatu horretan, itsasontzietara igo eta erakundearen lokaleraino abiatzen dira kofradiako kideak. Herri osoak gogoz parte hartzen du festan.

Aste Santu hondarribiarra ere hitzordu seinalatua da, Euskadi osoan ezaguna. Duela lau mende baino lehenagotik, isiltasun osoan gelditzen dira herriko kaleak Ostiral Santuan, hamar irudi erlijioso kaleetan barrena dabiltzan bitartean. Soldadu erromatarrak dira ospakizun honetako irudi bitxienetako bat, pauso erlijioso bakoitzaren ondoan desfilatzen dutenak.